XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta ez zen behin bakarrik izan, ez dezala inork horrelakorik pentsa...

Egia da, oraindik oso ospetsua izatera iritsi gabe nengoen; horregatik ez dizuet nere izenik esango, baina bide hartatik jarraitu izan banu, kezkarik gabe, egungo ezagunenetako bat izatera helduko nintzen.

Zalantzarik ez daukat.

Behar zen guztia neukan nirekin: ahots ederra, gorputz liraina, lan egiteko gogoa, hamaika asmo, lagun onak... baina maitemindu egin nintzen.

Eta dena utzi nuen, maitasun haren truke.

Hain ahots ederra, hain gorputz liraina, hainbeste lan egiteko gogo, asmo gutxi eta lagun onik ez neukanean saiatu zen bera ni berriro bideratzen.

Maitasunaren truke berriro ere.

Beranduegi zen ordea, eta ni oso pertsona argia naiz, eta ezinezkoa dena, ezinezkoa dela ikusten dut.

Guk elkarrekin jarraitzea bezala.

Astelehenean prexko-prexko deitu zidan, bilera espero baino gehixeago luzatuko zela eta asteazkena arte zoritxarrez, maitea ezingo zela etorri esateko.

Igandeko haserrea baretuta neukan ordurako eta bera ere lasai egoteko erantzun nion.

Lanaz ez nion ezer galdetu, bizitza pribatua eta publikoa bi mundu diferente direla baieztatzen duten horietakoa bait da.

Baieztatzen duen guztia segurtasun osoz egiten du, inolako zalantzarik gabe, irribarre erdi inozo erdi zuri batekin.

Eta nik dena prest daukat.

Ate hortatik sartzen den bezain pronto esango diot dakidana: Kanarietako hondartza batean ikusi nuela adats eder bat laztantzen, eta niri gehiago gezurrik ez didala esango.

Nere bizimodua berriro antolatu nahi dudala eta horretarako ez dudala bere laguntzarik behar.

Eta orduan, igual, tiro bat botako diot.

Baina atzo hotsegin zidan berriro, beste astebetean ere ezingo duela etorri (...).